Welcome to my blog :)

rss

2010/04/22

Gaitasunak integratu, elkarrekin ikasi!!!!


Premia bereziak dituzten 140.000 ikasle daude Espainian, eta horiekin ere lanean ari da hezkuntza sistema.

Irailarekin, eskolako ateak zabaldu egiten dira, inork jo gabe ere. Atarian negarrez suma litezke batzuk, urduri beste batzuk, eta pozez elkar besarkatuz ere bai zenbait. Denentzat iritsi da eskolara hasteko eguna, baina ez da izango denentzat berdina. Ez lehen eguna, eta ez hortik aurrerakoa ere, bakoitza baita bat eta bakarra, bakoitza berezia.

Ikasketa prozesuak berebiziko garrantzia du neska-mutilen bilakaeran, eta prozesu hori bakoitzaren premietara egokitzen jakin behar du hezkuntza sistemak. Premiak askotarikoak dira, eta horien artean daude ezintasunen bat duten ikasleen premiak ere (ezintasun fisikoa, psikikoa, mugitzeko ezintasuna, sentimenezkoa). Garai batean, hezkuntza sistemak ere bakartu eta bereizi egiten zituen ezintasunen bat zuten neska-mutilak, eta oztopo handia jartzen zitzaien beren gaitasunak behar bezala garatzeko eta gizarteratze prozesuan urratsak egiteko. Egun, ikasle horiek premia bereziak dituztela onartzen du hezkuntza sistemak baina ez ditu bereizten.

Ikasle batzuek laguntza berezia behar izaten dute. Batzuei zail gertatzen zaie beren adinerako ezartzen dieten curriculumari aurre egitea, eta laguntza espezifikoren bat behar izaten dute zailtasun horiek gainditzeko; beste batzuek, berriz, gaitasun intelektual handia izaten dute, ohiz kanpokoa, eta horiek ere jarduera osagarriak behar izaten dituzte bilakaera egokia eduki ahal izateko.

Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman dituen datuen arabera, unibertsitate aurreko adinean, 140.000 ikaslek jasotzen dute egun laguntza berezia, bai ezintasun fisiko edo psikikoa dutelako, mugitzeko ezintasuna dutelako, jarrera arazo larriak dituztelako edo neurriz gain dohatuak daudelako. Horietako batzuk hezkuntza berezi espezifikoa ematen duten ikastetxeetan ari dira (% 21), eta besteak, ikastetxe arruntetan (% 79).

Eskola bereziak edo arruntak?
Ikasle guztiak egungo hezkuntza sisteman barneratu beharra dago, eta hor ez dago inolako salbuespenik. Ikasleren batek Hezkuntza Premia Berezia duela antzematen bada, ahalik eta testuinguru normalizatuenean egokitu dadin bilatu behar da, eta horretarako, noski, beharrezkoa da laguntza pedagogikoa emateko zerbitzuak edukitzea, ohiko zereginetan laguntzeko batzuetan, eta zeregin espezifikoei erantzuteko besteetan, bai denboraldi batez, edo bai modu jarraituan.

334/85 Errege Dekretuak, martxoaren 6koak, Hezkuntza Berezia Antolatzeko araudia dakar, eta han esaten da, normalizazio printzipioari jarraiki, pertsonek ez dutela erabili eta jaso behar zerbitzu berezirik, ezinbestekoa denean izan ezik, eta, beraz, ikastetxe arruntetan eskolatu behar direla haurrak, eta haietako bakoitzaren gaitasunetara egokitu programak.

Ikusi: Txostena Hezkuntza Berezia.

0 comentarios: